XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batez ere, kontraesan edo paradoxa honetan jarri nahi nuke nere erreflexioaren oinarri eta abiapuntua.

Nola lot itxuraz behintzat kontraesaletzat hartu behar diren gure egoera teatralaren bi alde horiek, hots, testu dramatikoen sortze urri eta pobrea (salbuespenen bat egin beharko balitz ere, noski) eta, bestalde, mugimendu teatral nahikoa aberats, ugari eta, aurreko aldiarekin konparatuz, aurrerakoi edo progresista?.

Aipa ditzagun, adibidez, taldeen ugaritasuna, antzezlari askoren kalitate gero eta hobea, festibalak, Antzerti Zerbitzuaren ekintza, eztabaidagarria bada ere, lantzen ari diren teatro-mota desberdinak, han-hemenka egiten ari den teatroari buruzko erreflexioa, etab.

Gehiagotu egin da, dudarik gabe, gure mugimendu teatrala azken urteotan.

Gehitze honen norabidea, lorpenak eta baita hutsuneak ere argitzea izango da nire lan honen helburu eta eginkizuna.

Aldez aurretik, bereizketa bat egin beharko da, erreflexio honi errigore eta koherentziaren bat eman nahi baldin badiogu, berez desberdinak diren gauzak eta arazoak nahas ez ditzagun.

Horregatik bereiziko ditugu, lan honetan zehar, euskal literatura dramatikoa, euskal teatroa, eta, azkenik, eusko edo Euskal Herriko teatroa.

Euskal literatura dramatikoa euskaraz idazten den testu dramatikoa da, antzezten den ala ez kontutan hartu gabe.

Hots, euskal testu dramatikoak, beren egoera literarioan, testu direnez, eta ez ekintza teatral baten, muntaia zehatz baten ikuspegitik.

Hemen interesatzen zaizkigun ezaugarriak, hauek dira: idatzitako testuak izatea eta euskaraz idatzitakoak izatea.

Ez da kontsideratzen argitaratua den ala ez.

Baina, noski, argitarapena da antzezten ez den testu dramatiko baten existentzia ezagutzeko biderik normalena.

Dena dela, euskarazkoak nahiz erdarazkoak izan, testu dramatikoei dagokienez, bereizi beharrean gaude: idazten den teatroa, argitaratzen dena eta, azkenik, antzezten dena.

Azken hau bakarrik dagokio teatroari, aurreko biak literatura mailan gelditzen direlarik.

Bigarren, euskal teatroa dago, hots, euskaraz antzezten den teatroa, testu dramatikoa originala nahiz itzulia izan daitekeelarik.